Euskal Museoko liburutegiko apaletan Telesforo Monzonen bi liburu atzeman daitezke, Urrundik – Bake-oroi eta Gudarien Egiñak. Biak olerki liburuak, biak sorterritik urrundua zelarik idatziak, bata erbestetik, bestea Euskal Herrira itzulirik.

Telesforo Monzon 1904an sortu zen, Bergaran (Gipuzkoa), familia aristokrata batean[1]. Haurtzaroan heziketa integrista eta antiliberala jaso zuen[2]. EAJn sutsu aritu zen 1937an frankistek Euskadi okupatu eta Jose Antonio Agirre lehendakariarekin batera deserriratzera bultzatua izan arte. Hizlari bikaina eta maitatua izan zen hasieratik[3]. 1940an naziek Frantzia okupatu zutenean Marseillan ontziratu zen Afrikara buruz lehenik, 11 hilabeteren buruan Mexikora iritsi zen arte. Han argitaratu zuen 1945an Urrundik – Bake-oroi olerki liburua, Guda-oroi segida ukan behar zuena, baina ukan ez duena.

Hortik Agirre lehendakariarekin elkartu zen New Yorken finkatu EAJren egoitzan, eta gero Parisera joan ziren biak beste sailburuekin batera 1946an, bertan zuten egoitzara. Monzon Donibane Lohitzunera itzuli zen bizitzera, eta 1947an bere bigarren olerki liburua, Gudarien Egiñak, argitaratu zuen han. Hortik aintzina EAJrekin zituen desadostasunak sakondu baizik ez ziren egin, eta 1953an utzi zuen alderdia[4]. 1978an Herri Batasunako sortzaile eta buruetako bat izan zen[5] eta bertan segitu zuen bere heriotza arte 1981.

Dudarik gabe, Telesforo Monzon Euskal Herriaren historia politikoaren aktore garrantzitsuenetako bat izan da, eta gaur egun horrentzat dugu batez ere oroitzen. Baina, kulturaldetik ere ekarpen ederrak egin ditu, izan antzerkigintzan, Piarres Xarrittonek deitzen duen “aktore zalduntxoa”[6], edo kantugintzan, Pantxoa ta Peio bikotearentzat hitzak idatziz, biak Euskal Herrira behin betiko itzuli eta EAJ utzita garatu zituenak. Alta, bi olerki liburu argitaratu zituen lehenago, bata 1945an eta bestea 1947an, hurbil bata bestetik baina arrunt tonu ezberdinarekin biak.