Telesforo Monzon: bizipenak olerkietan



Euskal Museoko liburutegiko apaletan Telesforo Monzonen bi liburu atzeman daitezke, Urrundik – Bake-oroi eta Gudarien Egiñak. Biak olerki liburuak, biak sorterritik urrundua zelarik idatziak, bata erbestetik, bestea Euskal Herrira itzulirik.

 

Telesforo Monzon 1904an sortu zen, Bergaran (Gipuzkoa), familia aristokrata batean[1]. Haurtzaroan heziketa integrista eta antiliberala jaso zuen[2]. EAJn sutsu aritu zen 1937an frankistek Euskadi okupatu eta Jose Antonio Agirre lehendakariarekin batera deserriratzera bultzatua izan arte. Hizlari bikaina eta maitatua izan zen hasieratik[3]. 1940an naziek Frantzia okupatu zutenean Marseillan ontziratu zen Afrikara buruz lehenik, 11 hilabeteren buruan Mexikora iritsi zen arte. Han argitaratu zuen 1945an Urrundik – Bake-oroi olerki liburua, Guda-oroi segida ukan behar zuena, baina ukan ez duena.

Hortik Agirre lehendakariarekin elkartu zen New Yorken finkatu EAJren egoitzan, eta gero Parisera joan ziren biak beste sailburuekin batera 1946an, bertan zuten egoitzara. Monzon Donibane Lohitzunera itzuli zen bizitzera, eta 1947an bere bigarren olerki liburua, Gudarien Egiñak, argitaratu zuen han. Hortik aintzina EAJrekin zituen desadostasunak sakondu baizik ez ziren egin, eta 1953an utzi zuen alderdia[4]. 1978an Herri Batasunako sortzaile eta buruetako bat izan zen[5] eta bertan segitu zuen bere heriotza arte 1981.

 

Dudarik gabe, Telesforo Monzon Euskal Herriaren historia politikoaren aktore garrantzitsuenetako bat izan da, eta gaur egun horrentzat dugu batez ere oroitzen. Baina, kulturaldetik ere ekarpen ederrak egin ditu, izan antzerkigintzan, Piarres Xarrittonek deitzen duen “aktore zalduntxoa”[6], edo kantugintzan, Pantxoa ta Peio bikotearentzat hitzak idatziz, biak Euskal Herrira behin betiko itzuli eta EAJ utzita garatu zituenak. Alta, bi olerki liburu argitaratu zituen lehenago, bata 1945an eta bestea 1947an, hurbil bata bestetik baina arrunt tonu ezberdinarekin biak.

Urrundik – Bake-oroi olerki liburuan, bere idatziak etxera itzuliko denaren itxaropenaren suak bideratzen dituela ageri da, Mexikotik olerkigintzari esker bere burua Euskal Herrian sentitzen balu bezala. Enrique Jaiok dioenez “Poemak latzak badira ere, ezin esan inola ere gorrotozkoak direnik. Dudarik gabe, samurregiak Euskal Herria pairatzen ari zen miseriarako[7]”. Nahiz eta herrimina ukan oinarri, indarrez, borondatez eta sutsu idatziak dira bertako olerkiak, bere maitasun mugagabetik heldu dira. Honen erakusle Bakartasun! olerkiaren azken lerroak:

Maitasun batek egin niñun bidezkari

Ta maitasun orretxek biur bertsolari.

Euskalerri’ko oroitza neramala bizi,

Oartu izan nintzan bein... negola kantari...!

                                                               (Bakartasun! olerkia)

1945an kokatzen gira, oraindik adorez betea, egindako sakrifizioak fresko dira, eta tinko atxikitzen du. Hortik gutira beraz New Yorkera doa EAJren egoitzara, eta gero Parisera, Donibane Lohitzunera itzuli aintzinetik, eta bertatik du bere bigarren liburua argitaratzen 1947an, Gudarien Egiñak. Bi urte baizik ez dira bi liburu horien artean, baina gertakariz beteak izan zirenak. Guda-oroi segida ez zuen idatzi ahal izan ere, Gudarien Eginak-ek gaina hartu zion.

Bi urte motz horietan izandako aldaketek aztarnak utzi dituzte bere olerkigintzan. Gudarien egiñak-en tonua arrunt bestelakoa da. Oinarria ez du berehalako sentimentuetan, Mexikon zela bere buruari adorea ematen ziolarik bezala, baizik eta izandako bizipenetan, euskal gudariei zuzentzen dien obra baita haiek bizitakoa jakitera emateko, horrek daraman min guziarekin, herriarentzat egin dituzten sakrifizio garestiak jakitera eman eta eskertzeko. Gudarien heriotza, odola, Gernikako bonbardaketa, gudu gune desberdinak dira gai nagusiak Geuri lurrak ematen indarra...! olerkitik Amaia olerkiraino. Gerra bizi izanetik zekarren traumaren terapia olerkien bitartez egiten balu bezala, gertatutakoak kontatuz, hainbeste urtez barnean eramandako minak azkenean ateratzen uzten balitu bezala. Min handietako bat zuen Euskaldunen arteko banaketa hori, luzaz harekin eramanen duena bere bizi politikoan ere, Lemona olerkian ongi ageri:

Euskotar! Begira eiozu kemenez

Lemona mendiari!

Bere bi aldetatik euskal odolez

busti zitzaigun mendi!

Alde batekoak euskaldun izan,

aurkakoak ere bai.

Anaiak alkar iltzen ari giñan

ta arrotzak orixe nai!

                                                               (Lemona olerkia)

Bi urte lehenago argitaratutakoa Euskal Herriarentzako maitasunetik idatzia bazen, hau berritz Euskaldunentzako maitasunetik, eta tristura eta minetik.

Baliteke politikoki EAJ-k bizi zituen berbideratzeek eragina izan zutela haren olerkigintzan, azken finean hortik gutira utziko baitzuen alderdia. Bigarren olerki liburu hau EAJren lehentasunen aldaketen erakusle izan daiteke, Telesforo Monzonenek bukaera arte berdinak izaten segitu baitzuten, Euskal Herria eta euskal populuaren batasuna, eta Gudarien Egiñak-ek eusko gudariek pairatutakoak ditu gai nagusi, haien ohorez, omenez eta haien oroimenez euskaldunei oparitutako liburua.

 

Nahiz eta haren bizitza politikoari gain begirada bat emanik arrunt aldaketa sakona izan zuela ematen duen, EAJn hasi eta Herri Batasunaren sortzaile eta figuretako bat bukatuz, bi olerki liburu hauei begiratuz ikus daiteke berez zuzen segitu zuela. Helburu berdinak mantendu zituen beti, nahiz eta bide ezberdinak entseatu, ardatza bera zuen parean, Euskal Herri osoaren batasuna.

 

 

Bibliografia

Jaio, Enrique, 1992. “Telesforo Monzon-en olerkia”. Uztaro, 4 : 103-114.

Martínez Rueda, Fernando, 2016. “Telesforo Monzón, del nacionalismo aranista a Herri Batasuna: las claves de una evolución”. Revista de Estudios Políticos, 174 : 267-297.

Martínez Rueda, Fernando, 2018. “Telesforo Monzón, el nacionalismo vasco y la Guerra Civil: Historia y memoria”. Revista Universitaria de Historia Militar, Vol. 7, Nº 13 (2018) : 375-400.

Mees, Ludger, 2011. “Telesforo Monzon eta Jose Antonio Agirre : bi lagun, bi politika”. Hermes, 38 : 78-91.

Monzon-Olaso’neko, Telespor, 1945. Urrundik – Bake-Oroi. Lenengo idaztia. Mexiko, Talleres Gráficos Cultura.

Monzon-Olaso’neko, Telespor, 1947. Gudarien Egiañak. Olerkietan. Donibane-Lohitzune, Biarritz: Imprimerie Moderne.

Xarriton Zabaltzagarai, Piarres, 2021. “Telesforo Monzon-en mendeburua (1904-2004)”. EGAN, 57, 3-4 (eka. 2021) : 77-82.

 



[1] Mees, Ludger, 2011. “Telesforo Monzon eta Jose Antonio Agirre: bi lagun, bi politika”.

[2] Martínez Rueda, Fernando, 2018. “Telesforo Monzón, el nacionalismo vasco y la Guerra Civil: Historia y memoria”.

[3] Mees, Ludger, 2011.

[4] Mees, L., 2011 ; Martínez Rueda, F., 2016. “Telesforo Monzón, del nacionalismo aranista a Herri Batasuna: las claves de una evolución”.  

[5] Martínez Rueda, F., 2016.

[6] Xarriton Zabaltzagarai, Piarres, 2021. “Telesforo Monzon-en mendeburua (1904-2004)”.

[7] Jaio, Enrique, 1992. “Telesforo Monzon-en olerkia”.