Museoa 1924an ireki zen, Dagourette etxean. Hau Baionako merkatari baten etxe ohia da. Eraikin hori 17. mendean eraiki zen, Errobi bazterrean, eta hiriko eraikin zaharrenetarik da. Portuko merkataritzari eta burgesiari lotu etxebizitzen adibide bakanetarik da. 1991n, monumentu historiko gisa sailkatu zuten. Ederki zaharberritua izan da eta, 2001az geroz, osoki berritua izan den museografia bat eskaintzen du, hiru estaitan barna. Etnografia saila portuko biltegietan sartu da; arte et historia saila etxeko estaietan dago.

20 gela tematikotan banatu bisita ibilbidea argialdearen inguruan antolatzen da. Argialdea kanpoko argia sartzera uzten duen muntadura handia da. Museoan, agerian eman 2 000 objektu eta margolan inguruk euskal kulturaren alderdi desberdinak irudikatzen dituzte: kanpainako eta etxeko bizia, ehorzketa errituak, eskulangintza, itsasoko eta ibaiko jarduerak, bestak eta jokoak, eskualdeko historia… Gela batean, Baionako portua 1805ean erakusten duen planoa bada, erliebean egina. Hiri historikoaren ezagutzeko gakoak eskaintzen ditu. Preseski, museoko azken estaiko leihoetatik hiriko alde zaharreko teilatuak ageri dira.