Mauleko Ondarearen Etxean eta Baionako Euskal Museoaren bilduma iraunkorran - laborantza-artzaintza geletan
2021etik goiti Baionako Euskal Museoan egoitzan den Nader Koochaki artistaren proiektua da Museoa Urtu.
Euskal Museoak eta Euskal kultur erakundeak manaturik eta, 2019 eta 2026 artean buruturik, ondareko objektuak eraldatzea eta zuberotar mendiari lotua den soinu artxiboa sortzea zen honen helburua.
Proiektu honen baitako hiru obra bere bilduman sartu eta hauetako bi aurkezten ditu bere erakusketa iraunkorrean.
Hemendik aitzina museoko bilduma iraunkorretan sartua den muntaketa garaikide honen berezitasuna, arte obren ezin besterenduzko izaeraren galdekatzean datza, izari berri bat emanez honela desklasifikatu objektuei.
Aldi berean museoan eta zati batean, literalki, paisaian dagoen soinu ondarearen izari immateriala instituzioaren baitan sarraratzea ahalbidetzen du ere.
>> Museoa Urtu xedea
Bi ondare bildumatik hartu ehun bat piezetatik abiatu berrogeita hamalau joarez osatua da Museoa urtu: Gordailua Zentroa Gipuzkoan eta Baionako Euskal Museoa. Urtuak eta errautsiak izan dira, eta lortu hautsa, obra osatzen duten joareak fabrikatzeko baliatua izan da. Lurraldean indarrean dauden berrogeita hamalau kaiolarrak ordezkatzen dituzten berrogeita hamalau zuberotar artzaini eman dizkie ondare artefaktu, lan tresna eta arte obraren arteko mugan diren objektu hauek artistak.
Engoitik obra hau museoko bilduman sartua bada ere, hastapenetik honen murruetatik kanpo aurkeztua izateko sortua izan da eta Zuberoako ibar eta mendietan baizik ez da ikusgarri / entzungarri izanen beraz.
>> Soinu artxiboa: Hots likidoa
Guneko sorkuntza zabal honi oihartzun eginez, artistak 2025eko udan Zuberoako bortuko alhatzetan burutu grabaketak biltzen ditu Hots likidoa deitu bigarren obrak. Zuberotar soinu ondare aberatsaren zati garrantzitsu bat kaptatzen du grabaketaz, mapaz eta artistak idatzi deskribapen batzuez osatu soinu artxiboa. Baionako Euskal Museoko erakusketa iraunkorrean plantatua da obra. Bisitariei, obra osatzen duten hogeita bat inguruko orenetan murgiltzea ahalbidetzen dien sistema interaktibo baten gisara agertzen da. Laborantza-artzaintzari eskaini gelako museografia betetzen du, ibilbide iraunkorreko museo erakusleihoak aldizka deseraikiz eta inbestituz.
>> Lehen eta orain.
Museoko bilduman sartzen den Nader Koochakiren hirugarren obra da Lehen eta orain. Joareen “presentzia” eta, ondotik, “eskasa” aipatzen du artistak proiektu horretarako sortu argazki bikoitzak. Aitzinaldea eta gibelaldea agertu koadro batean aurkezturik, 2025eko maiatzaren 15ean Zuberoako alhapideetarako abiatzea aitzin eskaini aurkezpen publikoaren karietara erabili hurrondo zurtoin eta plastikozko soka egituraren gainean ezarriak izan diren joare guziak erakutsiak dira alde batean. 2025eko maiatzaren 24an egin joareen eskuetaratzearen ondotik gelditu egitura hutsa agertzen da bestean. Honela, urtean bi aldiz itzulia izanen da argazki obra: egitura hutsa borturatze garaian eta egitura betea gaineratiko garaian.
Ziklo bat hesten eta beste bat (behi joareen biziarena haien zaindari berrien eskuen artean) irekitzen duen artxibo honek, musoeari eskainia izanik, honen bilduma egonkorra osatuko du.
>> Museotik kanpo
Lan honi esker, museoa zeregin post-etnografikora bultzatzen dugu, kontserbazioa berriz ere ikerketari eta esperimentazioari lotuz. Alde batetik, isilik gelditu diren objektuek, biltegietan eta erakusketetan gordeturik, haien eragilegarritasuna berriz atzematen dute, hitza berriz hartuz eta jardunez. Beste aldetik, haien lan tresnak berreskuratzen dituzte bizimoduaren desagertzea iragarria zuten hezle eta laborariek, eta ondare bizi baten zinezko bermeak eta sinbolikoak bilakatzen dira.
Alderantzizkatzen du museoa lan honek. Bildu ordez, ematen, itzultzen duen museoa. Jendarteari ondare bildumei heltzeko eskubidea indarrean jartzen duena. Historia molde dinamikoan eta kultura gauza aldakorra bezala aurkezten duena.
Museoa urtu proiektua parte hartzearekin gauzatzen da: Euskal Kultur Erakundea ; Gordailua Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroa ; EHMEB (Euskal Herriko Mendi Elkargoen Batasuna.
Laguntzaileak dira: DRAC Akitania Berria ; Akitania Berriko eskualdea (FRAM-en karietara) ; Europako Batzordea (FEDER finantzaketak).
Hitz batzuk artistarekin : Xiberoko Botza irratiaren podkastak
© Argazkiak: @ BEM ; Museoa Urtu - nº 01 © Nader Koochaki