Urtarrilaren 31tik goiti Mauleko Ondarearen Etxean.
Martxoaren 26tik goiti. Baionako Euskal Museoaren bilduma iraunkorran.
Museoa Urtu 2021etik Baionako Euskal Musean egonaldian den Nader Koochaki artistaren proiektu garaikidea da.
Artista museoko bildumekin komunikatzera gonbidatua izan zen. Museoa galdakatzeko eta Xiberoko artzainen lana balioztatzeko, Euskal Museoan eta bortuetan ikusgai egonen den obra bat sortu du. Hortarako, museoko eta Gordailuako ikerketa bildumetatik jasotako antzinako metalak urtu ditu eta ardien lepo inguruan lotuko diren berrogeita hamar joare inguru sortu. Artzainak izanen dira joare horien gordailuzainak.
Maiatzaren 15ean, ostegunean, joareen ibilketa abiatu da Baionako Euskal Museotik Xiberoko bortuetara.
Neguan, Museoa Urtu erakusketa Mauleko Euskal Museoko ordezkaritza berrian aurkeztuko da, eta ondoren Baionako Euskal Museoan, bilduma iraunkorran.
Parte hartzearekin: Euskal Kultur Erakundea ; Gordailua Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroa ; EHMEB (Euskal Herriko Mendi Elkargoen Batasuna.
Laguntzaileak: DRAC Akitania Berria eta Akitania Berriko eskualdea ; Europako Batzordea (FEDER finantzaketak).
>> Museoa Urtu xedea
2020an, Baionako Euskal Museoak eta Euskal Kultur Erakundeak Nader Koochaki gonbidatu zuten Soineko Paisaia obraren bertsio berri baten garatzeko Gipuzkoan eta museoko nekazaritza-abeltzaintzari eskainitako aretoa berizendatzeko. Hortik sortu zen Museoa Urtu, Bidasoaren bi aldeetako ondare-bilduma bakoitzeko —Gordailua eta Baionako Euskal Museoa— ehun bat pieza desmaterializazio eta transformazio prozesua eginez. Tamaina desberdinetako berrogeita hamalau ezkila, lau familiatan antolatuta (Kuxkulu, Manex, Bitartez eta Kalaxka), Zuberoko 54 artzaini eman zitzaizkien, bakoitza oraindik martxan dagoen kaiolar/olha baten arduradun izanik.
Museoa Urtu obraren piezak eraldatzeko prozesua 4.0 industriako teknologiak eta antzinako artisau-teknikak erabiliz egin ziren. Labur eta eskematikoki azaldua, ekoizpen-prozesuak honako urrats hauek segitu zituen:
- Baionako Euskal Museoko eta Gordailuako bildumen ikerketa eta proiekturako balioko duten piezen hautaketa eta azterketa.
- Tokian berean burutu lana Zuberoako lurraldea eta artzaintza antolaketa sistema ezagutzeko.
- Jatorrizko joareen digitalizazioa eta 3D egokitzapena.
- Ekaiaren zatikatzea eta iragaztea.
- Fabrikazio gehigarri bidezko joare ekoizpena.
- Letoiztadura eta lepokoa eta mihiaren kokatzea.
>> Soinu artxiboa
Joan diren hilabeteetan, artalde guzien soinua, banan-bana grabatu ditu Naderek, Soineko Paisaia obrarako erabili duen metodologia errepikatuz eta artaldeen soinu artxiboak Zuberoako lurraldean sortuz.
Ziklo bat hesten eta beste bat (behi joareen biziarena haien zaindari berrien eskuen artean) irekitzen duen artxibo honek, musoeari eskainia izanik, honen bilduma egonkorra osatuko du.
Urtarrilaren 31etik Mauleko Ondarearen Etxea eta martxoaren 26tik goiti Baionako Euskal Museoaren bilduma iraunkorran aurkeztua izanen da.
>> Museotik kanpo
Lan honi esker, museoa zeregin post-etnografikora bultzatzen dugu, kontserbazioa berriz ere ikerketari eta esperimentazioari lotuz. Alde batetik, isilik gelditu diren objektuek, biltegietan eta erakusketetan gordeturik, haien eragilegarritasuna berriz atzematen dute, hitza berriz hartuz eta jardunez. Beste aldetik, haien lan tresnak berreskuratzen dituzte bizimoduaren desagertzea iragarria zuten hezle eta laborariek, eta ondare bizi baten zinezko bermeak eta sinbolikoak bilakatzen dira.
Alderantzizkatzen du museoa lan honek. Bildu ordez, ematen, itzultzen duen museoa. Jendarteari ondare bildumei heltzeko eskubidea indarrean jartzen duena. Historia molde dinamikoan eta kultura gauza aldakorra bezala aurkezten duena.
Urte guziez, uda garaian, mendebaldeko haran eta mendietan, tokian berean bisita dezakegun aire zabaleko obra zabala da Museoa Urtu.
>> Biografia
Nader Koochaki (1983, Donostia-San Sebastián) Euskal Herriko Unibertsitateko soziologia sailean lizentziatua da eta, 2008tik aitzina, bere lana arlo artistikoari eskaintzen dio. Usaian terrenoko lan zabal batean eta lan egiteko debora luze batean oinarrituak diren bideo, argazkilaritza eta soinu sailetan burutu obrei esker ezaguna da. Azken urte hauetan, argitaratze jardueran aritu da ere. 2018 eta 2021 artean, Tractora, artista kooperatifako kide izan da eta -zko argitaletxea sortu du ere. Hainbat artistarekin lankidetzan aritu da, erakusketa batzuen ardura hartu eta bere obrak erakusgai ezarri ere Arteleku, Fundación Cristina Enea, Bizkaia Aretoa, Biarritzeko Mediateka, Baionako Museoa, Club le Larraskito, Fundación Antoni Tàpies, Museo Artium, Edge of Arabia, Sophia Contemporary Gallery, Centro Centro, La Madraza, Fundación Cerezales, Tabakalera etab. bezalako aretoetan. Egun Astigarreta kooperatifako kide da eta Tapetum Lucidum argitaletxean editore.
Afitxa kargatzeko behean ↓
Argazkia : Museoa urtu - nº 01 - Nader Koochaki