2026ko uztailaren 10tetik 2027ko urtarrilaren 10a arte - Errobi geletan

Wilhelm von Humboldt (1767-1835), hizkuntzalari, filosofo eta prusiar goi funtzionarioa zen. 1801ean, lurralde horren historiari eta hizkuntzari buruzko ezagutzak metatu ondoren, ikerketa eta topaketaz jositako bi hilabeteko bidaia egin zuen Euskal Herri osoan zehar. 

Bidaia kontakizun berezia: aitzindari baten obra

Bidaia kontakizunen literatura-generoa biziki modan zen XVIII. mende bukaeran; Humboldten testuak, horien eite izanik ere, baditu horiez urruntzen dituen berezitasun anitz, Euskal Herriko historiaren ikuspegitik balio paregabea ematen diotenak. Les Basques (Euskaldunak) inkesta zientifikoa da; egileak aitzinsolasean adierazten duen bezala, euskal herriaren berezitasuna ulertzea du xede, “jatorrizko hizkuntza atxiki baitu, baita, parte handi batean, bere izaera eta antzinako usaiak ere”. Haren ikerketa-jarduera osoa, haren “antropologia filosofikoa” elikatzen duen bilaketa sakona formakuntzaren eta tokiko berezitasunen hainbat alderdiri buruzko interesean datza gaur egun “kultura-identitatea” deitzen dena eta Humboldtek “izaera nazionala” izendatzen duena. Funtsezko gai horrek du pixkanaka hizkuntza ikertzera bideratzen, hizkuntza jende taldeak bereizten dituen eta pentsamolde jakin bat eta munduarekiko harreman jakin bat adierazten dituen osagai erabakigarriena dela jotzen baitu.

Euskaldunak ezagutzeak suhartasun indartsu eta iraunkorra eragin zion, eta haren testua entimendu horren oihartzuna da. Lurrak xarmatu zuen, eta biztanleek, haien historiak, nortasunak eta kultur nortasunari eta “nazioari” zioten atxikimenduak liluratu zuten. Humboldtek horienganako karra eta atxikimendua argiki adierazi zituen: “Ez nuke erranen gai naizenik Euskal Herriaren deskribapen bat egiteko, ene ariman betiko iltzaturik gelditu den irudiaren parekoa litzatekeenik. Baina partez behintzat hala balitz, batez ere hango hizkuntza ikertzeko bizi izan ditudan neke guzien ordaina eta aise gehiago eskuratu dudala joko nuke; izan ere, horrek erran nahiko luke Euskal Herriari monumentu bat eskaini diodala, haren mailakoa ez izanik ere, behintzat nigan sortu duen estimu eta maitasun zinez sakonaren adierazgarri litzatekeena!”

Humboldten testua mugaren bi aldeetako euskal herriari buruzko lehen lekukotasun osoa da, mundu modernoaren atarian emakume eta gizon horiek haien egunerokoan eta ingurumenean ikustea ahalbidetzen digun artxiborik zaharrena.

Ikuspegi bat agerian

Itzulpenarekin doan erakusketak bi xede ditu. Batetik, Humboldten ekarpen historiko erabakigarria ezagutaraztea, haren begiradaren bitartez 1800eko Euskal Herriaren bisaia marraztuz. Bestetik, testuaren oihartzun garaikideari behatzea, egungo gazteen interpretazioei lekua emanez, haien egungo arrangurekin eta lurraldearen esperientziarekin alderatu baitute.

Horretarako, testuaren parte bat baizik kontuan ez hartzea erabaki dugu: Humboldten bertako behaketei buruzkoa.Materia honen gehiengoa Euskal Museoko bildumetatik heldu da; erakusketa honek, zeharka, museoko bildumen aberastasun eta aniztasun handiak agerian ematen ditu. Karia honetara, altxor batzuk erreserbetatik atera dira: Humboldtek kontsultatu kasik liburu guzien jatorrizko argitalpenak, XVIII. mendeko eskuizkribuak edota Alexandre Millin-Duperreux-en XIX. mende hastapeneko marrazki sorta handia. Sorta horretan, besteren artean, tintazko krokis ttipi bat bada, itxuraz ezdeusa, baina gure xederako zinez baliosa dena: Wilhelm von Humboldten eta Caroline emaztearen irudia; bizkarrez ageri dira, Gavarnie-n ateraldi bat egiten zutela, 1799an, doi-doi Euskal Herria lehen aldiz ezagutu aitzin. Panorama hori osatzeko, beste dokumentu batzuk mailegatu dira; besteak beste, Lapurtarren Biltzarraren XVIII. mendeko deliberamenduen erregistro ikonikoak, Viollet-le-Duc-en marrazkiak eta Alexandre Millin-Duperreux-ren margolanak.

Leienda: Mairie de Toulouse - Bibliothèque municipale, Robert Batty, Valley of the Bidassoa 3 Miles above Irun, 1823, A-BATTY (2-12).

Fichier pdf Prentsa txostena


Erakusketaren inguruan : egitaraua osoa


↓Argazkiak deskargatu orrialdearen beherean ↓