|
Albert
MARQUET, (Bordele, 1875- Paris, 1947)
Bergeret kaia, Baionan, 1924ean,
Olio taula
Bordelen
sortua 1875ean, Marquet Pariseko Arts Décoratifs eskolan sartzen
da 1890ean. Han ezagutzen du Henri Matisse. 1895ean Arte Ederretako
eskolan onartua da. Corman eta Gustave Moreau irakasle ditu. 1905ean
Marquet margolariak parte hartzen du Larrazkeneko Erakusketa famatuan,
Vlaminck, Derain, Friesz eta Matisse lagun dituela. "Fauvisme" margolari
oldearen sortzea izan zen. Albert Marquet-i portu paisaiak laket
zaizkio. Bidaiaz doa Europako eta Ipar-Afrikako herri askotara,
eta handik itzultzen portu-biziari lotuak diren margolan anitzekin.
1924ean Alger, Sète, Bordele eta Baionan egoten da.
Baionako
hiriak "Fonds Régional d'Acquisition des Musées diru-laguntzarekin
erositako margolan honek erakusten du Aturri ibaiaren bazter eskuina
Baionan, behere-aldetik goiti-alde ikusia. Gibelean burdin-bide
zubia ageri da, kea darion tren batek zeharkatzen duela. Gibel-gibelean,
Pirenetako lehen muinoak, eta Larruna, zurpailago. Iduriz Loustau
hoteleko laugarren solairutik margotua, ikusmira Santezpiko zubiaren
gainetik Bergeret kaiara doa.
IZARRA
lantegia ikusten da bere keziloarekin eta murruan margotutako LIQUEUR
publizitatearekin. "Distillerie de la Côte Basque" zelakoak bere
edari "Izarra" 1904ean abiatu zuen komertzialki. Joseph Grattau,
markaren sortzaileak, 1913ean erosi zituen lurra eta eraikinak,
eta han kokatu arno-erretegi, soto, lantegi eta bulego, Bergeret
kaia, 9 helbidean. Eraikinak askatasunez margotuak dira, orduko
karta postalek erakusten ez dituzten bezala. Orai, leku hortan berean
goi-mailako bizitegiak altxatu dira. Margolan horretan lehen aldikotz
ikus daiteke auzotegi hori estetika garaikidean aurkezturik. Egilearen
eskua garbiki ageri da, maite dituen ñabardura ubelurdinak arinki
bastan uzten dituela, Japoniar gisara. Artistak, beste zenbait margolanetan
bezala, erdigunetik bazterralde, sendo finkatzen ditu gainazal handi
margotuak, doi-doia moldaturik, itzal ubelurdin argitsutan, zilueta
arin eta nagi iduri batzurekin. Aturri gaineko ontzixka, bere gibel-arraulariarekin,
han-hemenkako ibiltzaileekin, orga uzkaliak aitzinaldeko upelen
ondoan, mintzagura diren ikur horiek guziak atsegin izanen zitzaizkion
Roland Barthes bati, hain zituen miresten Baiona eta asiatar neurritasuna.
Beste "Fauves"ek ez bezala, Marquet-ek eguratsaren itxura konduan
hartzen du, hori baita haren artearen berezitasuna, ederki ageri
dena haren portu margotuetan.
|