|
Mendeetan zehar muga fisiko eta alegiazkoa egon da Bidasoaren bi aldeetan, eta horrek, gutxienez formaltasunari dagokionean, bere hartan jarraitu du XX. mendearen ia hondarretaraino. Alabaina, kubo-kutxa Aretoan antolatutako "1900-1936. Donostia-Biarritz. Modernismotik Abangoardietara" erakusketa honek agerian uzten duenez, muga-lerro horren sendotasuna ahuldu egin zen hainbat une historikotan, mugaldeko inguruko herrietan bizi, uda pasa edota egun batzuetan egoten ziren artisten eskutik.
Izan ere, iragan mendearen hasieran, Donostiatik Biarritzera doan korridore hoarretan, bertako eta atzerriko artistak elkartzen ziren: musikariak, hala nola Richard Strauss, Maurice Ravel, Jesús Guridi, José María Usandizaga, Isaac Albéniz, eta beste hainbat musikari. Aldaketa garaiak ziren; XIX. mendeko aginduen pean bizi zen mundu zaharra albo batera utzi eta adierazpen-bide berrietan murgildu nahi zuen kultura borborka ari zen. Adierazpide berrien aldeko asmo horrek, hain zuzen ere, ahalbidetu zituen gerora etorriko ziren era guztietako arte-mugimenduak.
Paris munduaren hiriburu bihurtu zen eta bertara jo zuten, berebat, euskal artistek, hango jarraibide estetikoen iturrietan edatera. Artista haiek eta inguru hauetara hurbildu ziren atzerritar sortzaileek ekarri zituzten joera abangoardistak. Horietako batzuek, gerora, bertoko estetikarekin bat egin zuten, eta beste batzuk hemengo joerekin nahastu ziren.
Aipameneko abangoardia horiek laster egin zuten bidea aurreko urteetan nagusi ziren kostunbrismoaren eta inpresionismoaren artetik. kubo-kutxa Aretoko erakusketan zeharko ibilbidean ikusiko ditugun pintura, eskultura eta foto-muntaia batzuk kutxako Ondare Artistikokoak dira; beste batzuk, ordea, San Telmo Museokoak, Gipuzkoako Foru Aldundikoak, Baionako Euskal Museokoak, Bonnat Museokoak eta Jorge Oteiza Museo Fundaziokoak. Arte-lanen egileak ere asko dira, adibidez: Zuloaga, Salaberría, Ortiz Echagüe, Julio Beobide, Ugarte, Deluc, Vázquez Díaz, Olasagasti, Zubiaurre anaiak, Tellaeche, Arteta, Tillac, Lekuona, Zumalabe, Balenciaga eta Oteiza.
kubo-kutxa Aretoaren erakusketa berri hau, datari dagokionez, Donostiako udaldiko gertakari kultural handietako batekin batera dator, hala nola Musika Hamabostaldia. Esan daiteke, beraz, erakusketa honekin kubo-kutxa Aretoa, nolabait, partaide izango dela gertakari horretan, Hamabostaldiaren 70. edizio honek eta kubo-kutxa Aretoaren erakusketak ardatz bera dutelako eta ondorioz elkarren osagarri direlako: 1900-1936ko aldia eta aldi horretako abangoardiak.
Era horretara, kubo-kutxa Aretoak eta Musika Hamabostaldiak bat egin dute, kulturaren loraldiaz eta abangoardien agerpenaz ezaugarritutako aro berezi horren berri emate aldera. Alabaina, Modernotasunaren aro hori tupustean eten zen Espainiako Gerra Zibila hastean.
|