BAIONAKO BILTZARRA 1963-1964

Euskaltzaindiak sortze beretik hartu zuen hizkera literarioa osatzeko xedea. Ortografia finkatu, hiztegia eguneratu, euskaldun guztientzat berdinak izango ziren idatz arauak zehaztu eta beste hainbat arlo landu behar ziren euskarak geroa izan zezan. Baina ez zen adostasunik lortzen, batasun hori nola egin, zeren arabera, zer hobetsi, zertan oinarritu. Euskalkien aberastasuna galtzeko beldur ziren.

Euskara batuaren premia areagotu egin zen 60ko hamarkadan. Txillardegik, beste batzuekin batera, bere gain hartu zuen ardura. Lantaldea osatu eta ia urtebetez aritu ziren lanean, Baiona Ttipian, Euskal Idazkaritza elkartearen babesean. Lantalde horren emaitzak osatu zuen finean, euskara batuaren lehen oinarria, eta 1964ko agorrilaren bukaeran aurkeztu zieten Euskal Idazkaritzan bildu ziren Euskal Herri osoko berrogei bat euskaltzaleri. Henri Grenet auzapez-diputatuak eta gainerako hautetsiek ongietorria egin zieten herriko etxean.

Nagusiki zortzi lagun aritu ziren lantaldean: Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi, Jean Louis Davant, Eneko Irigarai, Jesus Solaun, Telesforo Monzón, Roger Idiart, Pierre Andiazabal eta Jean Hiriart-Urruty.

Lantaldearen proposamen zehatzak: hitzen deklinabidea, ortografiarako irizpideak, izan eta ukan aditzak, h-dun hitzen zerrenda bat.

Baionako Biltzarreko babesle Pierre Lafittek zintzo-zintzo helarazi zituen proposamenak Euskaltzaindira, eta hala, abiapuntu sendo bat jarri zitzaien eskura, aurrerantzean bidea urratu beharko zutenei. 1968ko Arantzazuko Biltzarrean Euskaltzaindiak euskara batzeko lehen arau-multzoak finkatu zituen.

Fichier pdf Ohar prentsa